Funtsei buruz - Next Generation Navarra/Nafarroa

Zer dira Next Generation funtsak?

COVID-19aren pandemiak Europar Batasuneko estatu kideetan eragin zituen ondorio negatiboak arintzeko asmoz Europar Batasunak diseinatutako erantzuna dira Next Generation funtsak. Finantza tresna horren bitartez, EBk 750.000 milioi euro ematen ditu, kreditutan, europar herrialdeei laguntzeko; diru hori 2021. urtetik 2026. urtera bitarte banatuko da, dirulaguntzen, zuzeneko laguntzen eta maileguen bitartez.

 

Espainiak 140.000 milioi euro jasoko ditu, guztira; diru kopuru horren banaketa koordinatze aldera, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana (SEEP) sortu dute. Planaren azken helburua espainiar ekonomia onbideratzea eta modernizatzea da, zeharkako lau jardun ardatzetan oinarrituta: trantsizio ekologikoa, eraldaketa digitala, gizartearen eta lurraldearen kohesioa, eta genero berdintasuna.

Lau ardatz horiek hamar palanka-politikatan gauzatu dira. Aldi berean, palanka horiek hogeita hamar osagaitan zehaztu dira, hau da, inbertsio programetan eta erreformetan. Palanka eta osagai guztiak SEEParen webgunean kontsultatzen ahal dituzu.

Nork eskuratzen ahal ditu?

 Deialdi bakoitzean eskatzen diren baldintzak betez gero, edozein herritarrek, edozein autonomok eta hirugarren sektoreko edozein enpresak jasotzen ahal ditu funts horiek.

 

Deialdi bakoitzerako zehaztutako baldintzak aldatzen ahal dira, besteak beste, deialdia zein palankari dagokion, funtsak zein proiektutara bideratzen diren eta proiektuak zenbateko hedadura duen aintzat hartuta; halarik ere, ezaugarri komun bat izan behar dute denek: trantsizio ekologikoari eta trantsizio digitalari laguntzea.

Ekonomiaren askotariko alderdietara bideratzen dira laguntzak; horrela, bada, ETE batek ekipo informatikoak modernizatzeko edo webgunea sortzeko eskatzen ahal ditu funtsak, jabekideen erkidego batek eraikineko teilatuan plaka fotovoltaikoak jartzeko eskatzen ahal du Next Generation dirulaguntza bat, edo udal batek udal eraikinetako bulegoen irisgarritasuna hobetzeko.

Nola lortzen ahal dira?

 Laguntzen eta lizitazioen deialdi guztiak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko (SEEP) laguntza eta dirulaguntzen bilatzailean argitaratuta daude.

 

Bilaketan iragazkiak erabiltzeko aukera ematen du, laguntza, dirulaguntza eta lizitazioetarako deialdien arabera. Deialdi irekiak, itxiak eta etorkizunekoak bilatzen ahal dira, eta intereseko arloen arabera ere egiten ahal da bilaketa.

Bilatzaileak ematen dituen emaitzetan honako datu hauek agertzen dira: laguntzaren izenburua, egoera, deialdia egiten duen organoa eta dagokion Autonomia Erkidegoa. Emaitzaren batean sartzen bazara, laguntza hori eskatzeko bisitatu behar dituzun estekak aurkituko dituzu.

Zitazio horien guztien berri izateko eta eskaera egin ahal izateko beste bide bat SEEParen Asteko Buletina da. Buletin horretan, Next Generation funtsekin lotutako jarduketen gaiak, zenbatekoak eta epeak aurkituko dituzu, ministerioaren arabera. Harpidetza egiten ahal duzu berrikuntza guztien berri jasotzeko.

Bestalde, planaren beraren gauzatzeari buruzko webgunean informazio interesgarria aurkituko duzu Autonomia Erkidegoetan banaketak egiteko irizpideei buruz, Autonomia Erkidegoek kudeatzen dituzten inbertsioei buruz, aldizkako gauzatze mailari buruz, hurrengo deialdien egutegia…

Harremanetarako

Helbide elektronikoa:
next.generation@navarra.es

Home - Pie de pagina